en torno a… NABAI… mundua

junio 1, 2010

«Mugaldekoak»

Filed under: Aingeru Epaltza — nabaizaleokbi @ 11:35 pm
Tags:

Euskal literaturarekin nola, hala jokatzen du euskaldunak gure telebista katearekin ere. Nahi dugu egotea, baina auzoak erabil dezan, ez guk. Sarri 30 urte beteko dira txoritxoa gure pantailara ailegatu zenetik. Hegaldia, ordea, laburra egin du. Haren kudeatzaileek anaia biki erdalduna gizendu izan dute, euskaldun argalaren kaltetan. ETBko lehen katean erdaldunak euskaldunaz historikoki izan duen irudia nagusitu da, jende heldugabe eta zokozalearena, alegia. Nola esplikatu, bertzenaz, haurrei eta kirolzaleei eskainitako programazioaren zabala, eta, aldiz, ikusle heldua harrapatzeko moduko produkzio urria? Euskaldun anitzendako, «deus interesgarririk eskaintzen ez duen katea» da gaur egun ETB-1.Ez da (erabat) egia, baina bai erro sakonak dituen irudipena. Bistan dena, horri ez zaio buelta emanen ikusle jakin batendako erreferentzialak diren saioak kentzen, itxuraz Lopezen gobernua aztertzen ari den bezala. Aldiz, izen ona berreskuratzen laguntzen ahal dioten saioetariko bat gerta daiteke Mugaldekoak telesail berria. Aitortu behar dut, urduri sintonizatu nuen ETB-1 lehengo asteazken iluntzean. Ez nuen lehen aldia izanen lotsagarri gelditzen, kate horretan iragarritako zerbait itxuraz interesgarria ikuste aldera etxekoekin borrokatu ondoan. Behingoz, txoritxoak ez zidan kale egin. Antzezle batzuei eskertuko genien lan pixka bat gehiago egin izana beren papera ustez nafar edo lapurtar den pertsonaiaren hizkerara egokitzeko (erregistro ezberdinak menderatzea ez ote da aktore baten dohainetarik?). Gainerakoan, telesailak aise eraman gintuen alemanen eta frankisten artean banaturiko 40. hamarkadako Euskal Herrira, gure historia hurbilari loturiko fikzio entretenigarriaren bitartez. Bigarren kapituluak telebistaren aitzinean harrapatuko nau bihar. ETBk bide luzea urratu beharko du euskaldunen erreferentzialtasuna eskuratu nahi badu. Mugaldekoak urrats polita izaten ahal da norabide horretan. Segida beharko.

Aingeru Epaltza DNNn

1 comentario »

  1. […] Maixol Arregiri “martzianokeria” iruditzen zaio Aingeru Epaltzaren hausnarketa hau: “Euskaldun anitzendako «deus interesgarririk eskaintzen duen katea» da gaur egun ETB1. Ez da (er… […]

    Pingback por zuzeu.com — Maixol Arregi, ETB1en azken mohikanoa — octubre 21, 2010 @ 12:15 pm


RSS feed for comments on this post. TrackBack URI

Deja un comentario

Blog de WordPress.com.